«Dantzaz obra kolektiboa da»
Nolako hasiera izan zuen Dantzaz-ek?
Aipatu nahi dudan lehen gauza zera da: Dantzaz obra kolektiboa da. Adrianarekin ideia izan genuen hastapenean, eta hor hasi zen Dantzazen ibilbidea. Gero, segidan, Elixabete Garmendia eta Nando Piñeiro gurekin ekarri genituen, eta ideia hasi zen garatzen. Haiek gabe ezinezkoa izango litzateke.
Elixabetek elkartearen presidentzia hartu zuen, eta legitimitatea eta seriotasun bat ekarri zuen, hegoaldean oso ezaguna zelako, bera hedabideetan oso eskarmentu handia zuelako. Nandok eman genizkien medio guztiak Dantzaz gauzatzeko, Egia Kultur etxeko ateak ireki: lekuak, bukegoa, estudioa…
Ezagutzen genuen Frantziako Estatuak zuen dantza garatzeko eredua, eta bertan, “gazte konpainiak” zirela profesionalizatzeko eredua ikasketak bukatzen zirenean. Neretako, urrats klabe bat zen profesionalizaziorako, eta hegoaldera ekarri nahi genuen: lan tresna bat egin nahi genuen, erakundeekin, eragileekin eta akademiekin elkarlanean. Gero, zubi lana egin dugu, Iparralde eta Hegoaldearen artean, eta oso garrantzitsua izan da lan hori ere bai, nahiz eta batzutan izan duen eraginaz oso konszienteak ez izan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren papera oso inportantea izan da beti, Frantxis Lopez Landatxe eta Lide Arana oso garrantzitsuak izan dira beti, ikaragarriko laguntza izan dira guretzat.
Lehen komenioa Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia Kultura, Dantzaz eta Ballet Biarritz-en artean egin zen, lau erakunde , bakoitza bere esparruan, bere eginkizunetan… Lau erakunde elkarrekin hitzarmen bat sinatzea benetan historikoa izan zen, eta oso esanguratsua: horrela egin nahi genuen prozesua, eragile ezberdinen artean, saretzen eta indarrak batzen.
Zeintzuk izan ziren lehen proiektuaren zutabe nagusiak?
Neretzako, lau ideia izan genituen hastapenetik oso argi, helburu nagusiak bezala:
Lehena: mugazgaindiko proiektua izan behar zen, benetakoa eta naturala. Dantzak mugarik ez duelako, eta Iparralde eta Hegoaldearen artean naturalki harremantzeko zubi bat ginen.
Bigarrena: Dantzaz-ek jakinduria eta ahalmenak ekartzen genituen, eta erakundeek baliabideak jarri behar zituzten. Bi eginkizunen arteko batuketa oso eragingorra da, eta oso organikoa da horren rolen banaketa.
Gero, Malandain Ballet Biarritz-ek ahala eman zigun, goi mailako erakundea bait da Frantziako Estatuan, eta Adrianari ematen zion rol bat “transferitzeko”, hau da, jakintza bat transferitu eta konpartitzeko, beraz, beste zubi lana zen.
Eta bukatzeko, lurraldetasuna, Gipuzkoan bereziki. Momentu horretan ez zegoen batere talde profesionalik, eta Gipuzkoako Foru Aldundian oso ondo ulertu zuten izan behar zela Europa osoko gazteentzako, irekia, eta nazioarteko nahasketa egiteko beti prest, proiektuaren mamia bait zen nazioartekotasuna.
Zergatik Dantza? Zer da dantza zuretzako?
Dantza nere lan mundua izan zen 10 urteetan, eta lan tresna bezala, besteokin komunikatzeko tresnarik errezena zen, ez dago hitzik, hizkuntza bada, unibertsala. Dantza ez nuen ezagutzen, bakarrik euskal dantza nere gaztaroan. Bainan dantzan erori nintzan Maitaldia sortu zenean, eta deskubritu nuen dena, neretzako ikaragarrizko oparia izan zena.
Malandain Ballet Biarritz ezagutzen dut momentu horretan, Adriana Pous ezagutzen dut, eta bion artean, sortzen dugu Dantzaz-en proiektua, eta proiektuaren bidez, dantzaren ahalak, baita baloreak eta etika transmititzeko ere baliatu genuen. Eta horregatik Dantzaz izena, dantzaz egiten bait dugu dena, dantza erabiliz.
Nolako garapena izan du Dantzaz-ek?
Lehen urratsa neretako izan zen Malandain Ballet Biarritzekin moztura. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin erabakitzen dugu ez garela junior ballet izango, baizik eta erakunde autonomo bat, bere nortasunarekin, eta bere misioarekin. Momentu horretan proiektua aldatzen da, eta kokatzen gara Euskadiko eta Gipuzkoako eremuan.
Neretako oso aldaketa garrantzitsua bada, sustraiak ondo izateko eta finkatzeko lurraldean. Pixkanaka hegoaldeko antzokietan hasten gara joaten, ia guztietan, leku batzuk supertxikiak, bainan guztietan egiten genuen, gure misioaren baitan hori zegoelako: dantza ahalik eta leku gehienetara ailegatzea. Iparraldean emanaldi batzuk egiten genituen, eta gero Europa osoan ere bai, gogoan dut Txekian egindako bira, komenio batetik ateratako aukera.
Dantzaz politikak garatzeko tresna izan da, eta poliki poliki gauzak aldatzen lagundu dugu. Hasiera batean beti probatu dugu diru gutxirekin gauzak egiten ahal zirela: erresidentziak, mediazioa, profesionalizazioa… Frantziako Estatutik trasladatu ditugu ideiak eta prozedurak, gero hemengo politiketarako lagungarriak izateko. Lan tresna izan behar gara, planak eta politikak garatzeko.